XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Portuko bakardadea

Berezi Elorrieta Sanz

Gabriel Aresti B.I.

Plumiferoa jantzi, giltzak poltsikoan sartu eta etxetik irten nintzen.

Melankoniak bihotza hustutzen dizun udazken arratsalde horietako bat zen.

Portaleko atearen danbatekoa entzun nuen nire atzekaldean, eta Bermeoko kaleetan murgildu nintzen.

Lamera-ra heldu eta farola sakabanatuen argipean iturriaren murmurioa besterik ez nuen somatu.

Bikote gazte maitemindu bat banko batean eta hiru-lau agure beste batean bakarrik ikusi nituen.

Enparantza hura atzean utziz, porturako norabidea hartu nuen.

Oraindik goizaldeko eurijasaren aztarnak gelditzen ziren.

Putzu batean oina sartu eta alboko etxeetako eskaratzetako leihoetatik irteten ziren argi errainuen erreflexua hautsi nuen.

Tximinietatik keak zerion.

Behin portuan, kaiaren bestekaldetik Bermeoko geltokira iristen ari zen trenak txistua jo zuen, niri deika balebil bezala.

Zerurantz so egin, eta laino artean ilargi betea zegoela ohartu nintzen.

Ilargi betea, zeru erdian niri begira zegoen begi haundi bat balitz bezala.

Iluntasunean, nireganantz hurbiltzen zen argi gorrixka bat ikusi nuen.

Zigarro bat erretzen zihoan marinel zahar bat zen.